XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aresti ondoko guztia deskontzertantea egin zaidala, aitortu beharko dut azkenik.

Benetan, Panpina ustela edo Pott, eta kito: horiek ote dira azkeneko hamar / hamabost urte honetako datu poetiko historiko inportanteenak?.

Datuak, esaten dut, eta poetikoak, ez dut esaten asmoak edo projektuak; eta historikoak, esaten dut, fruitu determinatu bat utzi dutenak, ez autore bestela inportante batentzako biografikoak (agian harentzat ere gehiago erreferentzia biografiko edo anekdotiko bat, obra batetan egiaz plasmatu den errealitaterik baino).

Ez da liburu honetako arazoa bakarrik, baina kezkatzen nauena da, periodizazioak egiteko erabiltzen den sisteman, behin eta berriro, periodorik erakutsi baino gehiago, autore batzuei aldi osoa eman, egiten dela.

Lizardi, Aresti...

Jarraipen edo oposizio pertsonal batzuk.

Pertsonaia bakan batzuk alegia, historiarik baino gehiago.

Orduan, bigarren mailakoak irrealtasunera eta isiltasunera kondenatuta uzten ditugu, existentzia autonomorik ere gabe.

Modu honetan gure haunditxo bakarrak beharbada hobeto nabarmentzen ditugu, baina gure historiatxo pobreak lehen den baino ere monokultibisten baratza pobreagoa dirudi.

Gaur-gaurkoz, historiarik idazteko, problema haundia daukagu: azterketa monografikoen falta.

Bestela derrigor geure inpresioen pean gabiltza, onenean ere geure memoria koxkorraren hegaletan.

Azterketa monografiko zehatzik ez dagoen artean, oso zaila izango da behialako saiotik egiazko historigintzara salto egitea.

Baina, bitartean denborak ere piska bat aldatu egin dira eta, berriro saio historikoa idatzi nahi baldin bada, haundia da arriskua, gaur ere saio inpresionista bat idaztekoa, atzoko saio bat gaur berriro hain zuzen.

Natorren berriro hasierakora: nola egiten dugun transmisioa.

Landaren liburutto hau, dagoen kolekzioagatik ere, eta horren gisako besterik parean ez dagoelako bereziki, informazio-transmisore garrantzizko bat izateko dago.

Eta horrek preokupatzen nau.

Irakurlea, nik uste, beste mila bidetatik eramanda dagoen autore berberengana orientatzen da berriro eta ez zaio laguntzarik ematen ezezagunago, baina galdu ezinezko, batzuk deskubritzeko.

Irakurleari batez ere erakusten ez zaiona, zera da: gure literaturak, lau protagonista galdu ezezik, bere historiatxoa ere baduela.

Azkenean Unibertsitateko irakas- eta ikerketaren modua da, liburutto honek auzitan jartzera behartzen gaituena.